OMS-a antibiotikoei erresistentziaren inguruan berriro ere ohartarazten! | Basherri Sareko webgunea Skip to content

OMS-a antibiotikoei erresistentziaren inguruan berriro ere ohartarazten!

ERREPORTAIA: Antibiotikoak_2016/Negua/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

Zaharrak berri! OMS-a antibiotikoei erresistentziaren inguruan berriro ere ohartarazten!

2016ko irailean Nazio Batuen Batzar Orokorrak Antimikrobianoen Erresistentziaren inguruko Goi-Bilera ospatu zuen (1). Bilera honek bi xede zituen: gai honen inguruko mundu mailako konpromisoak handitu eta beharrezkoak diren sektore anitzeko esfortzuak sustatzea alegia. Ez da lehenengo aldia non mundu mailako erakunde batek antibiotikoei erresistentziaren (AE) hedapenari buruz ohartarazi duela. Osasunaren Mundu Erakundeak 2011 AE-ren aurkako urtea izendatu zuen.

Zer da aldiz Antibiotikoei Erresistentzia?

Antimikrobianoei Erresistentzia (AE) mikrobioek (bakteria, birus, onddo eta parasitoek) antibiotiko, antifungiko, antibiriko, etabarren eragina medio, bere organismoetan aldaketak egiten dituztenean gertatzen da. Aldaketa hauen eraginez, botikak eraginik gabe gelditzen dira eta infekzioek gorputzean diraute eta beste pertsona batzuen artean zabaltzeko arriskua handiagoa dute (1).

Antimikrobianoei Erresistentzia (AE) denborarekin naturalki azaltzen den prozesu bat da, gehienbat aldaketa genetikoek sortua. Hala ere, prozesu hau gero eta azkarragoa da, antimikrobianoen erabilera txarra eta gehiegizkoagatik (1).

Ze faktorek sustatzen dute AE? Zeintzuk dira tartean dauden sektoreak?

Leku askotan erabilera txarra eta gehiegizkoa bat dago bai pertsona eta bai animalietan, eta ohizkoa da profesional baten ikuskapen gabe ematea. Erabilera txarren adibide gisa hurrengoak aipatu genitzake: infekzio birikoen tratamenduan erabiltzea (gripe edota katarroan adibidez), edota abere eta arrainen hazkuntzarako erabiltzea (1).

Hala ere, gehiegikeria handienak abeltzaintzan gertatzen dira (2).

2003. urtean, Osasunaren Mundu Erakundeak, Estatu Batuetako Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak eta Abere Osasunaren Mundu Erakundeak antolaturiko aditu Goi-Bilerak hurrengoa ondorioztatu zuen: “argi dago gizakiarentzako bestelako antimikrobianoen erabilerak sortzen dituen erresistentziak ondorio kaltegarriak dituela giza osasunean. Honen barne daude beste modu batean gertatuko ez liratekeen infekzioen gertaera, tratamenduen eraginkortasunik ezaren handitzea eta infekzioen gogortasunaren handitzea” (3).

2010. urtean, Estatu Batuetako Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak eta CDC-ak herrialde honen Legebiltzarrean adierazi zuten lotura badagoela haragi ekoizpeneko antibiotiko erabilera eta giza erabilerako antibiotikoen eraginkortasun murrizpenaren artean (4).

Zertarako erabiltzen dira antibiotikoak abeltzaintzan?

Antibiotikoak elikagaiekin bat nahastuak ematen zaizkie animaliei. Frogatua dago horrela animaliek gaixotasun gutxiago garatzen dituztela, heriotza-tasa baxuagoak dituztela eta azkarrago gizentzen direla. Oso zabaldua dagoen praktika bat da, oso eztabaidagarria baldin bada ere: praktika honek AE zabalkuntza sustatzen du, gizakiok animali jatorriko elikagaiak kontsumitzen ditugunean erresistenteak diren mikrobio hauek gureganatu ditzakegulako (2).

Bestalde, antibiotikoak nekazaritzan ere erabili daitezke, hain ohikoa ez baldin bada ere (2).

Ze eragin du AEk gure gizartean?

Zenbait mikrobioengan botikek eraginik ez izateak, gaixotasun batzuk sendaezinak bihurrarazten ditu edota sendatzeko, askoz luzeago eta konplexuagoak diren medikamentuak erabili behar izatea eragiten du. Horren ondorioz osasun gastua handitzen da, eta hori baino garrantzitsuago den, heriotza arriskua handitzen du (5).

Antibiotikoei erresistentzia 25000 heriotzaren arrazoia da Europan eta 1500 milioi euroko kostu gehigarria eragiten du. Estatu mailan 5000 pertsona arrazoi honengatik zendu dira eta gastua 150 milioietara iristen da. Horrela jarraitu ezkero, 2050. Urterako lehen sendagarriak ziren infekzioek eragindako heriotzak estatuan bakarrik 40000 milara iritsi daitekeela aurreikusten da (6).

Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak osasunaren kontrako mehatxu bat kontsideratzen du eta konponbide bila dabil. Bat ikerketan inbertitzea da. Bestea, oso kontutan hartzekoa dena, jendartea antibiotikoen zentzuzko erabileraren inguruan jabearaziko duen neurriak hartzea (2).

Ze neurri hartzen ari dira gure erakundeek honen aurrean?

Osasun arloan hainbat neurri hartzen ari dira, gehienbat azkeneko 10 urteetan, bai Estatu mailan eta bai gure erkidegoan ere. Horren adibide dira Osakidetzak martxan jarritako planak (7).

Abeltzaintzari dagokionez, hartu zen lehenengo neurria gizentzeko sustatzaileen debekua izan zen 1985an, Europar Batasunak sustatua. Bestalde, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministerioko Antibiotikoei erresistentziari buruzko Planak abeltzaintzaren inguruan beste ardatz batzuk aipatzen ditu ere (6):

  1. Higiene eta ongizate neurrien sustapena infekzioak murrizteko antibiotikoen erabilera ekiditen.
  2. Albaitariek agindutako botiken kopuru eta motaren jarraipena.
  3. Errezeta elektronikoaren sustapena albaitaritza arloan.
  4. Zenbat antibiotikoen erabileraren murrizpenerako iniziatiben sustapena
  5. Abereentzako produktuetan egon daitezkeen antibiotikoen deklarazioaren obligazioa
  6. Abereengan erresistenteak diren bakterioen zerrendapen eta jarraipena
  7. Medikamentuak dituzten pentsuen ekoizpen eta kontsumo datuen jarraipena

Baimenduak daude antibiotikoak abeltzaintza ekologikoan?

Abeltzaintza ekologikoa gaixotasunen prebentzioan oinarritzen da. Horretarako, ingurunera egokitutako arraza edo leinuak erabiltzeaz gain, kalitate altuko elikagaien erabilera, larreratze erregularra eta instalazioetara egokituriko animalia-kopurua modu aproposean konbinatzen dira.

Gaixotasunak ekiditeko harturiko neurriak nahikoak ez badira eta animaliak gaixotzen badira, lehenik eta behin animaliak zaintzen dira, behar izanez gero besteengandik bananduz. Albaitari batek gainbegiraturiko tratamendu egokia aukeratzen da. Batez ere, homeopatia eta fitoterapia (sendabelarren estraktu eta esentziak) erabiltzen da, albaitari-sendagai kimiko alopatikoen (antibiotikoak barne) erabilera mugatuz.

Instalazioak, animalien ongizaterako arauak eta beharrak errespetatzeko diseinatuak egongo dira: aireztapen eta argiztapen naturala; aterpeek, animalientzako eremuek batez ere, animaliak ez mintzeaz gain, modu egokian garbitu eta desinfektatu behar dira; animalia bakoitzerako egokia den azalera minimoa izan beharko du, lareen azalera kontutan izan gabe (8).

BIBLIOGRAFIA:

  1. WHO – Mundu Mailako Osasun Erakundearen web-orria: http://www.who.int/mediacentre/factsheets/fs194/es/
  2. Senesciència aldizkaria: 7. Zk. Osasuna eta Ongizateari buruzko Bartzelonako Unibertsitatearen aldizkaria.
  3. WHO – Osasunaren Mundu Erakundeak antolaturiko Gizakientzako bestelako antimikrobiotikoen Balioztatzen Goi-Bilerako txostena: www.who.int/foodsafety/publications/micro/riskanalysis06.pdf
  4. EE.BB. Legebiltzarrean 2010 uztailaren 12ko entzunaldia: Antiobiotic Resistance and the Use of Antibiotics in Animal Agriculture, Subcommittee on Health, Energy and Commerce Committee
  5. CDC (Centers for Disease Control and Prevention) –Gaixotasunen kontrol eta prebentzirako Amerikako Estatu Batuen Gobernuaren agentzia. Web orrialdea: www.cdc.gov
  6. Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministerioko “Antibiotikoei erresistentziari buruzko Plana”-n jasotako datuak.
  7. Osakidetza_Osasun_ekola_Paziente Bizia
  8. Euskadi Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Erakundeko webgunetik jasotako informazioa: www.eneek.org

Etiketak:  oms , erresistentzia , birusa , osasuna , osakidetza , elikadura , eneek , animaliak