Zituene, Pasta Obradore Kooperatiboa | Basherri Sareko webgunea Skip to content

Zituene, Pasta Obradore Kooperatiboa

ELKARRIZKETA_2016/Negua/Fanzinea
(jaitsi .pdf)

Zituene, Pasta Obradore Kooperatiboa

Nolatan gogotu zaizue horrelako proiektu bat martxan jartzea? Nolatan euskaldun batzuk pasta egiten?

Egiari zor, esan beharra dago ez zela gure lehen ideia izan.. Guk betidanik amestu dugu baserrian bizitzearekin, baratza erraldoi bat egitearekin, elikadura aldetik gure buruak asetzearekin... Baina urteak pasa ahala hankak lurrean jarri behar izan ditugu: Sin Tierra batzuk gara, lurrekiko eskuragarritasuna izugarri zaila da orokorrean, baina gure eskualdean bereziki, azpiegitura handiak, azalera handiko megaproiektuez inguratuta bizi gara eta ez dago tokirik nekazaritza xumerako; lurrarekiko espekulazioa eta errespetu eza izugarria da benetan.

Gainera arazo honi prekarietatea erantsi behar zaio, izan ere ikasketak bukatuz geroztik ostalaritzan eta mila lan ezberdinetan aritu gara bizirauteko, ilusio handirik gabe, eta etorkizunerako proiektu handiak sortzeko beldurrez, oso zaila baita oinarri sendoak jartzea zure bizitzari. Egia da gure egoera ez dela aldatu, baina gure barneko zeozer bai; 30 urteak beterik, honela jarraitu nahi ez genuela argi genuen, eta hori aldatzeko apustua egiten gabiltza. Orain da momentua! Gazteak gara eta motibatuta sentitzen gara; energiarekin; baina aldi berean burua jantzita nabaritzen dugu, proiektu hau seriotasunez aurrera ateratzeko baliabide guztiekin.

Eta nolatan pasta? Ba euskaldunok ere asko jaten dugun produktu bat delako! Bere kontsumoan nabarmen igotzen ari da, eta aldaketa hau erraz ikus daiteke jenerazio batzuen bueltan.  Elikadura Burujabetza lortzeko helburu honetan, ezin gara euskal identitatea definitzen duten elikagaiekin bakarrik geratu, begirada bat bota behar zaio gizartearen elikatzeko ohiturei; eta horrekin ez dut esan nahi hanburgesen dieta inportatu behar dugunik, baina bai errealitateaz jabetu behar garela eta horren arabera landu gaia. Pastaren kontsumoa igotzea potentzial bat da gari bariedade zaharrak errekuperatzeko, gure inguruari hobeto garatuta daudenak; edota beste edozein zereal, egokia izan daitekeen pasta egiteko eta merkatu global eta librearen arauak betetzen ez zituenez galdu egin dena. Nire ustez hor daukagu lan handiena, gure lehen gaien dibertsitatea errekuperatzen, elikagaien dibertsitateari ere erantzun ahal izan diezaioketen.


Zer motatako pasta egiten duzue?

Oraindik ere proiektua martxan jartzen ari garenez, pasta freskoa besterik ez dugu egiten, ez baitugu instalazio egokirik gure produktua lehortzeko. Gehienbat Gari Gogorrez eginiko pasta zuria egiten dugu, horrekin hasi baikinen probak egiten eta ohikoaren antza gehiena duenez oso harrera ona du, batez ere umeen artean. Bestetik ere badugu semola osoaz egina, zekalearena eta espeltarena ere. Barazki ezberdinekin ere egin ditugu probak eta tarteka pasta betea ere egiten dugu; inoiz herriko Pintxo-potean jarri dugu eta arrakasta itzela izan da! Jeje.   

Nondik ekartzen dituzue osagaiak, zer printzipioekin?

Lehentxeago hitz egin dugun bezala, lehen gaien kontua oso konplikatua da, batez ere zerealen kasuan. Espekulazioa izugarria da sektore honetan, giza elikaduraren oinarria baitira, baina gainera ez da ahaztu behar globalki ekoizten denaren erdia ez dela horretara bideratzen (zuzenki), baizik eta abeltzaintza intentsiborako eta biodiesela ekoizteko; hor interes gogorrak elkar topo egiten dute. Errealitate horren aurrean, Euskal Herri mailan dauden ekoizleak oso egoera kaxkarrean daude, eta horrek ondorioak ditu transformazioan kokatzen garen proiektu guztietan. Gure kasuan, Gari Gogorreko semola ekologikoa Huescatik ekartzen dugu, hango iringile handi batengandik… kontziente gara proiektuan dagoen hutsune handiena dela, ez baitugu Euskal Herriko osagaia erabiltzen, baina gaur egin ia ezinezkoa Gari Gogor egokia erostea gure herrian; oso gutxi ekoizten baita, eta hori jada salduta dagoelako hemendik kanpo. Espelta eta Zekalea bezalako zerealak lortzea errazagoa da, Nafarroatik ekartzen ditugu. Barazkien kasuan, eskualdean badira zenbait ekoizle ekologikoan dabiltzanak, eta beraiek ekartzen digute garaian tokatzen dena.

Behin jada instalatuta gaudela eta lehen fase gogor hau pasatu dugula, lehen gaien kontuari ekiteko asmoa dugu, proiektua osotu eta borobiltzeko klabea izango baita. Kontaktu batzuk eginda dauzkagu, baina oraindik ezin diogu gai honi indarrez eutsi; gainera, interesgarria iruditzen zaigu gure proiektua sendotzea, horrela sendotasuna eskaini ahalko baitiegu nekazariei.  

Salmentarako zer bide aukeratu duzue?

Salmenta zuzena da gu gehien betetzen gaituen bidea. Bezeroak ezagutzen goaz,  produktuarekiko duten harrera ikusten dugu, gomendioak ematen dizkigute, iritziak aipatu, eta batez ere haien animoak jasotzen ditugu, oso aberasgarria da hau, batez ere orain gauden hasierako fase honetan. Obradorea muntatzerakoan argi genuen denda eduki behar zuela, produktua egin eta saltzeko tartea txikituaz, kalitatea bermatzen baituzu zirkuitu motzekin. Gure produktua kanporatzen dugun kasuetan, guk egiten dugu banaketa, lanak internalizatuaz eta aurretiko aukeraketa lanketa bat eginaz; asko zaintzen dugu hau, ez baitugu uste denak balio duenik saltzeko helburu horretan.

Kontsumo Taldeek izan dezaketen potentziala faktore izan dira honetan hasteko?

Ideia buruan geroz eta indartsuago txertatzen hasi zenetik, beti izan ditugu presente Kontsumo Taldeak eta hauek duten potentziala; izan ere bai haiek eta bai gure proiektua printzipio beren gainean eraikitzen dira. Hasierako salmenta probak egiteko ere argi eduki genuen hori zela ingurunerik egokiena; Oreretako Azabaratza Kontsumo Taldeko kideak izan dira gure lehen “kobayak”!

Hala ere, talde hauek gazteak instalatzera animatzeko duten potentzialaz ohartzen bagara ere, gure kasuan ez dira nahikoak eta komertzializaziorako beste bide batzuk topatu behar ditugu. Gainera, gure helburua ez da Euskal Herri osoko kontsumo taldeak hornitzea, guk gure ingurunea hornitu nahi dugu, bertako jatetxeak, saltokiak, jangelak… Ez da erraza esaten ari naizela, baina ez al beste helburuetako bat lokalki ekitea? Ez al litzateke ederra Gipuzkoa hornituko luketen hainbat  obradore egotea? Bakoitza bideragarria izatea bere eskualdeko kontsumoarekin? Agian idealistegia naiz, baina argi dut norantz jo beharko genukeen.  

Zer zailtasun topatu dituzue? Eta zer laguntza?

Zailtasun handienak burokrazia kontuak, normalean gertatu ohi den moduan. Gauzak hasieratik ongi edo zuzen egiteko erabakia hartu genuen, baina egia esan sistema aldrebes honek azkar kentzen dizkizu gogo guztiak. Betiko arazoa da, profesionalizatzeko eman behar den pausua handiegia da, tarte handiegia dago eta laguntza txikiegia. Gurea bezalako proiektu txikiei asko kostatzen zaigu eskema horietan sartzea, eta are eta gehiago eraiki nahi dugun proiektua konbentzionalak ez diren erremintekin egin nahi bada, gure kasua den bezala.

Eta laguntza? Handia ere! Geroz eta jende gehiago dago gauzak beste logika batez egin nahi dituztenak, eta horiek dira gehien animatzen gaituztenak. Moralki laguntzeaz gain, aholkularitza eta  zerbitzu ezberdinetan lagundu diguten jende asko topatu dugu bidean, eta orain desiratzen daudenak gure bezero izateko! Bua, zoragarria da! Ingurukoek ere zure proiektuan sinesten dutela ikustea...

Ba al dago Euskal Herrian etxean pasta egiteko ohiturarik?

Ba guk ezezkoa uste bagenuen ere (agian gure kasuan horrela zelako), proiektuarekin hasi garenetik jende geroz eta gehiagori entzun diogu kontu hau. Hala ere gehiengoek kuriositate moduan egin omen dute, manibela duten makina txiki horiekin eta irin arruntarekin; bai nabari dute konbentzionalarekiko ezberdintasuna, baina lan gehiegi omen dauka egunerokotasunean egiteko.

Bestetik, azoketan topatu dugun jende adinduren batek bai komentatu digu haien etxetan amak egiten zituela espagetiak txikiak zirenean. Ez dugu argi ze zerealekin egiten zituzten baina asko harritu gintuen nola oroitzen zituzten espageti luzeak sukaldetik zintzilik.    

Zer erantzuna jasotzen ari zarete?

Zoragarria!! Guztiek diote oso goxoa egiten dugula pasta! Hasieran asko harritzen gintuen, ez baitugu inongo esperientziarik eta txiripa kontua zela uste genuen hasierako proba haietan. Hala ere asteak pasatzen joan dira eta jendeak oso pozik jarraitzen du, beraz zortea baino zeozer gehiago dela pentsatzen hasiak gara; agian arbaso italiarrak dauzkagu eta ez gara oraindik ohartu! Jejeje.

Egia esan oso pozik gaude, izan ere hori zen hasieran genuen beldurretako bat; guk zinez sinesten dugu oso proiektu interesgarria dugula eskuartean, eta gizartearen benetako nahi bati erantzuten gabiltzala, baina zertarako hainbeste teoria eta intentzio polit produktu kaxkar bat eskaintzen badugu?! Ezin dugu ahaztu hori ere badela proiektuaren arrakasta definitzen duena.
 
Nola kontaktatu interesaturik dagoen jendeak?

Ba zuzenean gutako norbaitekin hitz egin nahiko balute telefonoz deitzea litzateke hoberena, Naiara Retegi: 645 733 755 edota Iker Eizagirre: 678 524 380. Eta bestela korreo elektronikoa dugu lotsatiagoak direnei edozein zalantza argitzeko ere: info@zituene.eus

Etiketak:  agroekologia , zituene , pastaekologikoa , azabaratza , orereta , naiararetegi , kontsumotaldea , ikereizagirre