Skip to content

MANUEL LABAKA, nekazaria eta Basherri Sareko kidea

Elkarrizketa_2013/Negua/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

MANUEL LABAKA, nekazaria. Basherri Sareko kidea

Badira 38 urte Manuel Labaka nekazaritzan ari dela. Urte horietan guztietan dibertsifikazioaren aldeko apustu garbia egin ostean, bi urte dira otarrak ere egiten dituela. Sektoreari buruzko hainbat gako azalduko dizkigu eta Basherri Sareak eskaintzen dionaz.

Zenbat urte daramatzazu nekazaritzan? Nola izan ziren zure hastapenak? Zergatik erabaki zenuen sektorean hastea/jarraitzea?

Nekazaritzan 18 urterekin hasi nintzen, duela 38 urte. Zergatik hasi nintzen? Aldetik batetik, gustatzen zaidalako nire ingurua, nekazaritzako lana eta lurrarekiko duen lotura. Enpresa batean lanean egon nintzen, baina gehiago tiratzen zidan bizitza honek.

Hasi zinenean ekologikoa ez zen existitzen, edo ez zitzaion ekologikoa deitzen gutxienez..

Gaur ekologikoan egiten dena, eta garai horretan egiten zena oso antzekoa zen. Gero gertatu zen espezializazioak eraman zuen dena banatzera. Lehen egiten zena gaur egun egiten den ekologikoa bezainbeste edo ekologikoago zen. Dibertsifikazio aldetik askoz aberatsagoa zen, batez ere alternatibak zeudelako produktu guztietan. Baserri guztiak Noeren arka txiki bat bezala ziren. Denek zeukaten bere merkatua eta bere salmenta. Alde horretatik orain baino askoz aberatsagoa zen.

Baina zure bizitzan zer egin zenuen, espezializatu eta gero ekologikora pasa edo ekologikora pasa zinenean oraindik mantentzen zenuen aberastasun hori?

Ni sekula ez naiz espezializatu, azken baten ez dut inbertsio handirik egin sekula eta normalean inbertsio handik egiten duen jendea espezializatzen da, ekoizpen handiak eskatzen zaizkie hauei, eta kopuru handik egiteko, bakarra egin behar duzu.

Hasiera baten gauza asko geneuzkan edozein baserritan bezala gero pixkana pixkana galtzen joan ginan. Ondoren beste fase bat bizi genuen, ume txikiak genituen eta denbora asko dedikatu niela ume txikiei, eta aktibitatea pixka bat joan zena. Hor hasi nintzen ekologikoan. Beti izan dut dibertsifikatua. Inoiz ez zait bankuen dependentzia gustatu.

Lehen artzaintzan besterik ez zeunden eta gero baratzezaintzan hasi zinen..

Bai, artzaintzan lehen gehiago, orain gutxiago eta baratzean gehiago baina nik uste dut antzera.

Eta nolatan baratzagintzan hasi, nahiko lan ez zeneukan artzaintzan?

Nik esnea saltzen nuen eta argi zegoen esnea salduta oso etorkizun gutxi zegoela. Esnean prezioak ez zuen mozkinik ematen. Umeak hazi zirenean ikusi nuen zerbait egin behar nuela, baina ordurako urte asko neuzkan, 50 urte baino gehiago, eta jada ez nuen nire burua inbertsiotan sartzeko moduan. Bai ikusten nuen ardiekin jarraitu ezkero, ia derrigorrezkoa zela gaztandegia, erregistro sanitario eta gauza horietan sartzea, eta horretarako, diru askoren inbertsioak behar ziren eta merkatuaren eskaera ez nuen goraka ikusten. Aldiz baratzarekin ikusten nuen inbertsio txikiekin, dibertsifikatu eta beste soldata txiki bat atera nezakeela. Eta horregatik jarri nuen baratza.. Beno, eta gustuko dudalako gertutasun bat eta..Ez da gauza batengatik bakarrik. Baratza beti egin dut, orain pixka bat bat gehiago egiten dut, artzaintza pixka bat gutxiago.

Herritarrak nekazaritzaren aldaketa eskatzen ari dira?

Bi aldeetatik. Baserritarrek ikusten dute aldaketa, biziraupenerako beharrezkoa bezala. Gizartek ere eskatzen du. Baina merkatu ikerketetan jende guztia ekologikoaren aldekoa dela agertzen bada ere, gero azokan ez da saltzen.

Gizartean badago %10-%20 hori ordaintzeko prest. Gainera askotan osasun problemak daudenen hurbiltzen da jendea ekologikora, baina bestela paso egiten dute. Eta gero eta gutxiago, baina ere ikusi dut nekazaritza ekologikoaren kontra daudenak. 

Atzera pauso baten moduan ikusten dute. Badago jende batengandik gutxiespen bat nekazaritzarantz. Baserritarra bigarren mailako pertsona bezala ikusten da. Eta traktorea ikusten badute, hori da moderno eta hobea. Bai baserritarren artean eta bai herritarren artean badago portzentaia txiki bat ekologikoaren alde egiten dutenak.

Eta jendeak bertako produktua eskatzen du?

Beste herrialde batzuetan, Suitzak adibidez nekazal eremu garrantzitsuak ditu,gainera herritarrak bertako produktua kontsumitzearen ohitura handia dute, Frantzian ere, beraien produktua asko defendatzen dute. Hemen aldiz industriagune zabalagoak izan ditugu. Eta ez zaio horrenbeste garrantzia eman, ez dugu estimatzen nahikoa geurea.

Zein da topatu duzun arazorik nagusiena?

Nekazaritzan badago gauza bat indargabetzen duena. Zuk egiten duzun lana ez da ordaintzen, prezioak oso baxuak dira, honek soldata baxuak izatera eramaten gaitu. Nik uste dut hori dela printzipala eta ikusten da espezializatzen den jendea ere, ez duela soldatarik ateratzen. Soldata jasotzen duena, jasotzen du ordu pila bat eginda. Baina zortzi ordu eginda, ez luke soldatarik irabaziko. Ordu asko sartzen badituzu ,bizi kalitatea jaisten da eta morroi bihurtzen zara. Zuk zortzi ordu sartuta ezin duzu soldata duin bat atera eta horrek ematen dizu beste gauza askotan indargabetzea.

Baserriko lana lotua da beste aldetik, animaliak izatean are eta gehiago baina mozkinak bazenitu, igoal asteburutan langile bat kontratatuko zenuke. Baina gaur egungo soldatak ez dizu aukerarik ematen. Zirkulu bizioso bat da. Arrazoi printzipala prezioa da, ez dela pagatzen. Zuk jartzen duzu langile bat soldata duin batekin eta zuk ez duzu ezer jasotzen.

Nik uste aktibitate gehienetan berdin gertatzen dela. Bazirudien inbertsioak eginda konponduko zela, baina ikusten da ez dela alternatiba. Denetarik egongo da, baina jendea ez da gustura ikusten. Bere garaian izan zen esnea, miloi pila bat sartu ziren, baina inbertsio pila bat egindako jendea ikusten da oso errea. Erreza da esatea, horrek bide txarra hartu du, baina ze posibilitate, ze alternatiba dituzu bizitzeko. Lehenago jendea oso gutxirekin bizi zen , baina orain gauza asko behar dituzu. Ahal duzunari heltzen zara, ez zarelako bizi Ilargian, baizik eta hemen. Eta nik hori oso argi ikusten dut. Nekazaritzan akatsa hori izan da, soldata aseguratzen ez dizula. Ez da inoiz kobratu. Azkenean ahal dena egiten da.

Zer esango zenioke nekazaritzan hasi nahi duen gazte bati?

Baserriko bizitza, oso bizitza berezia da. Baditu gauza batzuk politagoak eta beste batzuk zailagoak. Baina nik gazteak probatzera animatuko nituzke.

Zailtasunik handiena, beti kritikatu dudana, da nekazaritza dela sektore bakarra zerotik esplotazio baten jabe izatera pasatzen zarena. Eta hori ez da inon gertatzen. Gazte batek 16 urterekin eskola amaitu eta egiten du 25 milioiko pabiloi bat. Bizitza hipotekatzen du. Hori ez litzateke utzi ere egin beharko.

Hor bilatu behar da formula bat. Gazte batek probatu egin behar du. Administraziok erraztu beharko luke erreleboko kontratu bat edo horrelako zerbait, jende asko jubilatzen ari baita. Zuk dauzkazu 2,3, 5 urtetan prozesu bat, probatu egiten duzu. Ez duzu inbertsiorik egin behar, eta probatu dezakezu eta esan “nik gustuko dut eta ikusten dut bizitza hemendik ateratzeko aukera bat”. Eta orduan hasi..

Bestalde lurrak dauzkanak beno, baina lurrik ez daukanak oso zaila dauka. Nik uste hori bai dela landu beharreko gauza bat.

Zer eskaintzen dizu Basherri Taldeak?

Ni taldearekin oso gustura nago. Taldeak konfiantza bat eta segurtasun bat eskaintzen dizu.

Uste duzu Basherri Saretik bultzatzen den eredua irtenbide bat dela edo beste gauza batzuekin konbinatu behar dela?

Beti esan digute espezializatu, baina ez da konponbidea. Basherri Sarea oso gauza interesgarria dela iruditzen zait baina mugatua, alternatiba bat gehiago eta bere lekua du.

Baratzezain baten kasuan, bizi daiteke Basherri Talde batean banatzen duen saskitaz bakarrik?

Basherri Saretik bizitzeko sarrera askoz handiagoak egon behar dute. Soldata duin bat ateratzeko kontsideratzen diren 20 otar horiekin, saskiek balio dutena baino askoz gehiago balio beharko lukete. Kostu pila bat daude, eta kostu horiek ordaindu ostean, oso soldata txikia gelditzen zaizu. Baina konparatzen baduzu beste aktibitate batzuekin, agian ez da hain txarra.

Ezin dezakeguna egin da Basherri Sarean dauden kontsumitzaileei, merkatuan dauden prezioak halako ez dakit zenbat gehiago ordainarazten saiatzea. Oreka bat egon behar du. Prezioak leku orotan hazten hasiko balira, agian Basherri Sarean ere egingo lukete Kontraesan hori hor ere badago.

Kontutan izan behar da, 1000 euroko soldata bat kobratzeko, 2000 eurotik goragoko diru-sarrerak izan behar dituzula. Hori oso garbi dago. Horretarako zenbat otar behar dira? Asko. Azkenean beste aktibitate bat behar duzu.

Beste gauza bat, oso zaila dena ere, zure otarra urte guztian baloratzea. Zuk azalera bat daukazu, baina metro horietan baten lurrak hobeak dira, besteak hobeto asmatzen du, eguraldi hobea egiten du.. Mila faktore kontutan izan behar dira.. Orokorrean, 20 otarrekin ezin da bizi.

Zergatik uste duzu otarretan hain haragi gutxi ikusten dela?

Nik uste dut Basherri Sarean sartzen den jendeak ez duela haragi kontsumo ohitura handirik. Eta gainera nik uste dut ekologikoan, jendeak bai begiratzen diola barazkiei baina ez haragiari. Haragia ekologikoan oso gutxi saltzen da. Badauka prezioan aldea, baina barazkietan ere badauka.

Azkenean hor dago betiko urardotze. Haragia konparatzen baduzu hor kanpotik datorren haragiarekin, izugarrizko aldea dago. Labela duen haragiak eta ekologikoak badauka aldea, baina prezioan ez dauka alde handirik, baina konparatzen baduzu beste ekoizpen motekin, prezio aldea handia da.

Zer eskaintzen dizu Basherri Sareak?

Niri hasieran Basherri Sareak eman zidan lan honetan hasteko aukera, nik bakarrik ez nuen talderik topatuko eta gutxiago Errenterian.

Gero Basherri Sarean problema zein da? Gauzak ondo doakigun bitartean, ez dugula Sarearen beharrik izaten, Sarea behar dugu arazoak ditugunean. Baina gertatu daiteke, problemak ditugunen Sarea ez egotea. Nik nahi dudana da, problema bat dudanean, nonbait laguntza bat izatea.

Basherri Sareak izugarrizko lana dauka jendea gerturatzen eta mentalizatzen agroekologiaren inguruan. Baina era berean, Basherri Sareak indar handia du, jende asko ari da gerturatzen, eta hori ezin daiteke desaprobetxatu.

Etiketak:  manuellabaka , nekazaria , beizama , amenabargoikoa , baserria , azabaratza , basherritaldea , basherrisarea , alternatiba , saskiak , merkatua