Skip to content

Kontsumo eredu berriak ekonomia eraldatzeko

Kontsumo eredu berriak_2015/Negua/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

KONTSUMO eredu berriak ekonomia eraldatzeko

“Baina nola aldatuko dugu ekonomia kontsumo esperientzia txikiekin? Ezinezkoa da!” Azken urte hauetan askotan entzun dudan esaldia da, kontestu ezberdinetan entzuna, jende oso ezberdinaren ahotan. Kasu guztietan hala ere gauza bat errepikatu da, kontsumo eredu ezberdin batean oinarritzen den proiektu bat azaltzen ari nintzen eta “ezinezkoa da!” esaten zidanak teorian gauza asko aldatu nahi zituen, baina praktikan ezer egin gabe.

Kontsumo eredu berriek bere horretan ez dute ekonomia eta jendartea eraldatuko, hori argi dago, baina esperientzia hauek zerbait erakutsi badidate da ekintzaren bidean jartzeko jende askori lehen aukera ematen diela, batzutan nekazari bati modu justuagoan barazkiak erosi nahi dizkiolako, energia oligopoliarekin nazkaturik energia kontsumo kooperatiba batean izena eman duelako edo bere aurrezkiak modu garden eta etikoan erabiliko dituen kreditu erakunde bat erabiltzen hasi delako, asko dira lehen pausoa emateko bideak. Eta horrek, pauso hori emateak gaur egun izugarrizko garrantzia dauka.

Hala ere bide hori lantzerako orduan badugu erronka handi bat, fragmentazioa gainditzearena. Izan ere gaur egungo jendarteak indibidualizaziorako joera nabarmena du, bereziki kontsumo eredu masiboan oinarritutako sistema kapitalistak horretara bultzatzen duelako, bere neurrira egindako gizarteak indibidualki ahalik eta gehien kontsumituko duten pertsonak behar baiditu. Egoera horretan kontsumo ereduan aldatzeko erabakiak hartzeak izugarrizko garrantzia dauka, bai na eraldatzailea bihurtzen hasten da, kontsumo eredua aldatzeko egituraketa kolektiboak lantzen hasten direnean, indibidualizazioa gaindituz, eta eredu alternatiboen arteko erlazioak identifikatu eta saretzen hastean, proiektuen fragmentazioari uko eginez.

Eta guzti hau nola egituratu, ba ote dago kontsumo eredu alternatiboak kontuan hartzen dituen egitura ekonomiko alternatibarik? Bai, Ekonomia Sozial Eraldatzailea du izena. Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE), Ekonomia Sozial eta Solidarioa bezala ere aurkituko duzuena, lehenik eta behin jendartearen beharretara bideratutako ekonomia egitura osoa da. Jendartearen oinarrizko beharretatik abiatu eta desberdintasun ekonomikoei eta sozialei aurre eginez, justizia sozialean eta demokrazia ekonomikoan oinarritutako proiektu, sistema eta guneak barbnebiltzen ditu, beti ere jendartearen eta ekonomiaren eraldaketan lan egiten dutenak.

Gaur egun Ekonomia Sozial Eraldatzailea, Ekonomia Sozialaren barne irudikatzen da, baina berez honetatik haratago doa, eta dimentsio integrala du. Horrela ekonomia eredu eraldatzaile honek, ekoizpen, banaketa, kontsumo eta finatzetan alternatibak eskeintzen ditu. Beraz ez da ekonomiaren baitako sektore bat bakarrik, ekonomiaren egituraketarako, Ekonomia Sozialaren oinarrietan sakondu eta alternatiba osoa eskaintzen duen etorkizuneko eredu bat baizik. Egia da Ekonomia Sozial Eraldatzailearen eragina ekonomian txikia dela, ezberdina da Ekonomia Sozial guztia hartuko bagenu, baina norbaitek esan zuen etorkizunean hegemonikoak izango diren eredu ekonomikoak gaur egun iada gurekin direla, martxan, errealitatea direla, ehundaka urtetan feudalismoaren baitan kapitalismoa pixkanaka garatzen joan zen moduan.

Gure apustua izan behar da gaur egun oraindik oso minoritarioa den Ekonomia Sozial Eraldatzailea, etorkizuneko eredu ekonomiko eta sozial justuago baten ernamuina bihurtzea, horretan lanean gabiltza milaka eta milaka herritar, Euskal Herrian eta baita mundu osoan zehar.

Gure inguruan azken 4-6 urteetan, azken krisi kapitalistarekin batera, asko garatu dira eredu ekonomiko berriak, garapena paradoxikoki kontsumo ereduetan gertatu da modu nabarmenean, baita finatziarioan, eta orain erronka sektore guztietara eta ekoizpen eta banaketara zabaltzea da. Kasu gehienetan proiektu txikietatik abiatuta, askotan tokiko garapenera bideratuak dira ekimenak, eta horregatik ekimen hauek txertatu behar dute bere baitan saretze lana, ezin dute tokian tokiko esperientzia bezala gelditu, benetan eraldaketa bilatzen nbadute. Zabalpenerako ordea ezin proiektuen hazkunde organiko estrategietan oinarritu, beste bideak behar ditugu, saretze lanean oinarritutakoak, Ekonomia Sozial Eraldatzailea saretuko dutenak, tokiko merkatu sozial errealak sortuz, eta hauek ere saretuz elkar elikatuko duten ekoizpen-banaketa-kontsumo kate berriak sortuz, balio sozialetan oinarrituak. Hortxe dugu etorkizuna marrazteko bide intereresgarri bat.

Saretze bide hori hasi dugu gure inguruan adibidez REAS, Olatukoop edo Basherri taldeen sareak, badira proiektu zehatz eredugarriak: Fiare, Coop57, Goiener,, baina eman diezaiogun garrantzia guk egiten dugunari. Basherri sareak bilatzen duen eredua eta egunerokoan egiten duena eraldatzailea da, baina indartzea beharrezkoa du, lehen esan dugun bidetik, bere burua Ekonomia Sozial Eraldatzailean kokatuz, sendotuz, sareak zabalduz, Basherri taldeen artean baino baita kanpora begira, beste kontsumo eta ekoizpen esperientziekin sareak eta merkatu sozialak sortu eta trinkotuz. Burujabetza landuz, elikaduran eta beste arlo guztietan.

Krisi garaietan askotan entzuten den galdera da “Zer Egin?” Baditugu aukerak lan egiteko, landu ditzagun, etorkizunak pentsatu eta egitea gure esku dago.

Etiketak:  ereduberriak , ekonomiasoziala , eraldatu , alternatiba , kontsumotaldea , olatukoop , goiener , fiare , coop57 , reas , basherritaldea , sarea , burujabetza , elikaduraburujabetza , elikadura