Skip to content

Koldo Urrutia, erlezain eta erlelagun

Erlezain izatetik erlelagun izatera_2014/Udaberria/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

KOLDO URRUTIA, erlezain

Zergatik aldatu zenuen zure burua erlezain izatetik erlelagun izatera?

Aldaketa honen berri emateko ziurrenik liburuxka bat idatzi beharko nuke, ez baita erreza eta arina urte askotako zalantzak eta porrotak adieraztea, batez ere ezintasunak sortzen dituen ondoezak, ikustean erleek gero eta okerrago eta arazo gehiago zeuazkatela, nahiz eta ahaleginetan aritu beren egoera tamalgarria sumatzean. Zalantzei esker eta aldi berean nire osasun egoera bereziari aurre egin beharragatik, zenbait gaitza potoloak tartean ikusita neuzkan, ezaguna zitzaidan medizina ofizialak ez zidala ezertan laguntzen eta nire ahaleginetan gauza asko berrikusi eta esperimentatu behar izan nituenenak, tartean diabetesa… intsulina aintzakotzat eta onartu ezinean, beste jokabide eta ikusmira ezberdinetara bideratu ninduten. Lehenik ikusi nuena eta baztertu nuena azukrearen erabilera oso zabala erleekiko, erabat utzi nuen, ikusita nigan sortutako egoera, erleentzat ere batere komenigarria izango ez zelakoan. Hemendik hasi eta ordura arteko nekizkienak hankaz goran gertatu ziren. Beraz, eta erleak maite nituenez, jarraian dena zalantzan eta aztergai bihurtu nuen eta ondorioz gaurko Berezko Erlezaintzaren teoriara heldu nintzen.

Zergatik sortzen dira polinizazio desertuak?

Bai pelikulan eta bai blogean aipatzen da ikaragarrizkoa den egoera hau. Nolabait eta nolatan zerbait argitzearren, esango nuke erleek jasaten duten trataera desegokiek erlezainen aldetik, azken urteotan erlea espezie bezala ahultzen, gaixotzen eta endekapen prozesu baten ondorioz, erlea desagertzen ari dela planeta honetatik. Zenbat eta erle gehiago hil edo desagertu, polinizazio barrutiak edo eremuak txikitzen doazela, eta hauei deitzen diet polinizazio desertuak. Jakin behar da oinarri oinarrizkoa dela polinizazio egokia ematen den lekutan landare eta abarren dibertsitatea indartu eta aberastu egiten direla ekosistemak.

Zer eragin dute barroaren aurkako tratamenduek eta azukrea emateak erleengan?

Bere garaian, ni neu izan nintzen tratamendu honi hasiera eman niona, besterik ezean erleak bizirik behar genituelako, besteri ez bazen ere gure esku geneuzkanak. Gure esku ez zeuden basa erleak oso epe laburrean hil egiten ziren. Milioika erle hildako izan ziren eta honekin batera kalkulatu ahal ez den galera genetikoa izan zen. Okerrena dirudi inor gutxi jabetu dela egoera larri honetaz, inork gutxi duelako aipagai egoera hau. Azukreari buruz ez dago asko esan beharrik, toxiko pozoi izugarria denez, nork pentsa dezake inoren mesederako egongo denik.

Eztia, botika natural gisa, gaur egun botatzen zaizkion osagai kimiko guztiekin ere osasungarri izaten jarraitzen du?

Horrela izan da mila urtetan gizakiarentzat eta oraindik zenbait lekutan horrela darabilte. Eztia betidanik sendagai bezala izan da erabilia. Ez zen hainbeste ezti izaten Erlezaintza industriala hasi zen artean, produkzioa handitzean, jangai eta kontsumozko produktu bihurtu zen. Hala ere jendeak eztia sendagai bikaina delakoaren sinesmena mantentzen da. Baina, geroz eta zailagoa da eta izango da ezti egokirik topatzea gauzak aldatzen ez badira behintzat. Erleak geroz eta gaixoago daudela ikusita, pentsatzekoa da hauek eskaini dezaketena antzekoa izan daitekeela, hau da kalitatea eskasagokoa.

Ba al dago modurik benetako ezti ekologikoa lortzeko?

Gauzak dauden bezala, ingurumena geroz eta kutsatuagoa dagoela eta batez ere erlezainek daukaten joeragatik esango nuke ezinezkoa dela ezti ekologikoa eskuratzea inguru hauetan, nahiz eta erleak horretan saiatu.

Zer iritzi duzu erregina jalearen inguruan?

Esan dezaket saltzen den hori ezer gutxi ikustekoa duela erreginak elikatzen dituenarekin. Asko dago esateko gai honi buruz, batetik “erreginizidio” ikaragarria egiten dela jela gramo bat eskuratzeko. Saltzen den hori, jelearen deribatu bat besterik ez dela gehienetan eta nik dakidanez egindako ikerketetan ez zaiola ezer berezirik aurkitu izan. Behar bada plazebo oso egokia izanen delakoan pentsatzen da.

Erleak baratzetako polinizazioan duen garantiza ikusita zer gomendatzen diezu nekazari eta erlezainei?

Baratzezainentzat eta besteentzat ere oso garrantzizkoa ikusten dut polinizazio estaldura egokia mantentzea, horretarako egokiena izango litzateke erlezaleekin elkarren arteko harremanak sendotzea…Nire ustez udalek pentsatu eta ikusi beharko lukete beren herrietan behar adina erle dituzten eta hauek polinizazio estaldura egokia mantentzen duten edo ez, ura, argia eta bestelakoak begiratzen dituzten bezala.

Moduren bat egon daiteke guztia antolatzeko?

Beste kontzientzi berri bat indartu behar dugu. Geratzen zaigun ahalbide bakarra berezko erlezaintzarena da, ez dago bestarik egin daitekeenik. Jendeak ikusten joan behar du, erleekiko praktika desegokiak zeintzuk diren edo erleen kalterako direnak baztertu, kontuan hartu erlea desagertzear dagoela, Hau guztion ardura da!!!!

Informazio gehiago nahi izan ezkero, erlezale.webnode.es web orrian bilatu dezakezue.