Skip to content

EKOLAPIKO: Elikadura burujabetza eskola jantokietan?

Inguruko beste esperientziak agroekologikoak_2014/Udaberria/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

EKOLAPIKO: Elikadura burujabetza eskola jantokietan?

Eskola jantokiak oso tresna baliagarria izan daitezke lurralde baten elikadura burujabetza lantzeko, baldin eta eskoletako sukaldeak bertoko elikagaiez hornitzeko tresnak eta araudiak ezartzen badira.

Azken hamarkadetan, jantokien erabilera ugaritu egin da, eta eskari handiago bati erantzuteko gailendu den joera izan da sukaldaritza kolektiboaren kudeaketa eredua "globalizatzea". Enpresa handiak gailentzen dira, eta hauek, kudeatzen dituzten zentro ezberdinen lehengai-eskari bateratua egiterakoan banatzaile handiengana doaz. Paradoxikoki, tokiko ekonomiarentzat onuragarri izan zitekeena (jantokien ugaritzea) tokiko ekonomientzat kaltegarria izan da, lehendik kudeaketa propioa egiten zuten ikastetxeek ere "eredu globalizatura" aldatzera behartuak izaten bukatzen baitute.

Azken hamarkadetako joera eskolako sukaldearen kudeaketa azpikontratatzea da, eta honek, lehengaien jatorriaren gaineko kontrola galtzea suposatzen du, besteak beste. Egun, ostalatitza kolektiboaren sektoreko enpresa handiak dira jantoki gehienen kudeaketaz arduratzen direnak. Hauek duten antolamendu eredua ikusita, zaila da bertoko elikagai ekologikoak beraien erosketa-zerrendan topatzea. Badaude, ordea, sukaldea eta jantokiaren kudeaketa propioa egitea nahiago duten ikastetxeak, erosketa-politika, menuen osaketa eta jantokiaren funtzionamenduaren gaineko erabakiak beraien gain hartuta. Kudeaketa propioa egiten duten kasu hauetan, askok, bertoko elikagai ekologikoekin lan egiteko apustua egiten dute.

Eskola hauek, ikuspegi integrala dute: menuak sasoiko produktuen arabera antolatzen dira, adin bakoitzeko beharretara moldatuz; horniketa sukaldari eta ekoizleen artean planifikatzen da; eskola-umeek beraien janaria ekoizten duten baserriak eta baserritarrak ezagutzen dituzte; askotan, eskola baratza ere lantzen dute, eta beraiek sortutako barazkiak eskolan bertan jaten dituzte...

Gipuzkoan badaukagu horrelako kudeaketa eredua eskola-jangeletara eramaten duen proiektu bat: EKOLAPIKO: Bertako baserrietan sortutako elikagaiekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko proiektua da. Baina ez hori bakarrik, proiektuaren esentzia sentsibilizazioa lantzean datza. Lehenik eta behin helburua, elikadurak gure gizartean eta gorputzean suposatzen duenaz jabetzea da; Elikagaiak lurrean eta animalietan ekoizten direnetik, gure platerera iristen diren arte.

Horregatik, 3 ardatz edo helburu lantzen ditugu Ekolapikon:

  • Gure txikiak osasunean hazi eta elikadura osasuntsu batek gure gorputzarentzat dituen onurez jabetzea da. Garaian garaiko produktuak kontsumitzea osasuntsua da!

  • Gure nekazariekin lan egitea du helburu, merkaturatze bide berriak irekiz eta nekazarien sarea sortuz. Bertako produktuak kontsumitu behar ditugu!

  • Etorkizunean ere elikagai biziez elikatzeko, lurra eta animaliak zaindu behar ditugu. Nekazaritza ekologikoa da kalitatearen eta jasangarritasunaren eredu garbiena.

Ekolapikoren lehen urratsak 2006 amaieran eman ziren. Donostiako Udalarekin elkarlanean hiriko 3 haurreskolatan martxan jarri zen lapikoa. Ondoren, Oiartzungo Haurtzaro eta Oreretako Uztargi haurreskoletara ere zabaldu zen. Pixkanaka Ekolapikoa Gipuzkoako beste ikastetxe batzuetara hedatu da: Usurbil, Beasain, Hernani, Ibarra, Segura. Ikastetxe hauetako ikasleek ere bertako eta garaiko elikagai ekologikoez osatutako otorduez goxatzeko aukera dute.

Erronka handia izan da Ekolapiko. Hasiera batean Manttangorri banatzailea arduratzen zen banaketa egiteaz. Gipuzkoako barazkiak eta Tolosako Aldaba Zahar elkartekoen jogurtak haurreskoletarako gerturatzen zituen. Egun, baserritarrak dira ikastetxetara beraien produktua eramaten dutenak. Ikastetxe bakoitzak bere ekoizle sarea izaten du izendatua: Imanol Aranak esaterako, Hernaniko haurreskolara bere barazki ekologikoak eramaten ditu eta Legorretako Mikel Lopezek aldiz, Beasaingo Ikastolara. Aldaba Zaharrekoek eta Jesus Mari Loidik ogia egiten dute hainbat ikastetxeentzat eta Behieko Sabekoetxeako kideek esnea eta jogurtak eramaten dituzte.

Ekolapiko puzzlea ahalik eta ondoen osatzen joateko “fitxa” guztiak dira oso garrantzitsuak. Lehenak ekoizleak eta elikagaiak dira noski, baserritarrekin, ikastetxeek otorduak prestatzeko izango dituzten beharrak planifikatzen dira, ahalik eta elikagai gehienak bertakoak eta garaikoak izan daitezen, jatorri ekologikoa beti oinarri harturik. Ondoren, sukaldaria da garrantzia handia hartzen duena. Nahita nahizkoa da sukaldariak proiektuan sinestea eta elikagaiak mimo handiz prestatzea. Hauen helburua, garaiko barazki eta frutekin osaturiko menu orekatu koloretsu eta goxoa egitea izan behar du.

Sentsibilizazioari dagokionez, proiektuak jorratzen dituen arlo guztiak lantzen ditugu, Baserri ekologikoetatik, dieta orekatuetaraino. Guraso eta ikasleei baserritar ekologikoen lana gertutik zein den irakatsi nahi diegu, nekazaritza ekologikoa zertan datzan hain zuzen ere. Etxean dieta orekatu eta osasungarriak nola prestatu ere irakastea da gure helburua. Elikagai ekologikoen onurak zeintzuk diren ikasteko aukera izaten dute eta hauek gure osasunean duten garrantziaz jabetzen dira.

Etiketak:  ekolapiko , jantokia , elikaduraburujabetza , barazkiak , eskola , haurreskola , haurrak , osasuna , elikagaia , sukaldea , ekologikoa , beasain , Usurbil , hernani , Ibarra , Segura , ikastetxe , imanol-arana , mikel-lopez , elkartea , aldabezahar , tolosa , oiartzun , orereta , uztargi , haurtzaro , elikadura , ikastola