Skip to content

Basherri Sareko ideologia

Sarrera ideologikoa_2013/Negua/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

BASHERRI SAREA. Sarrera ideologikoa

BasherriSarea, Gipuzkoako hainbat baserritar eta herritarrez osatutako elkargunea da, baserritarren iraupena eta kalitatezko elikagaiak bermatzea helburu duen eredu eraldatzaile baten alde lan egiten dugunok osatutakoa hain zuzen ere. Basherri Sarea elikadura burujabetzaren alde egiten duten baserritar eta nekazaritza eredu iraunkor batean sinisten duten pertsona orori zuzendua dago.

GURE FILOSOFIA

Basherri Sarea osatzen dugun taldeek elikagai osasuntsuak eskaintzeaz gain, dimentsio soziala ere kontutan dugu, ekimen honen bitartez, herritar- baserritarren arteko erlazioa harreman komertzial batera mugatzea baino, pertsonen arteko konfiantzan oinarritutako eredua bultzatzen saiatzen ari gara.

Baserriak eta baserritarrak gure kulturaren eta elikagaiak ekoizteko beharrezkoak diren ezagutzen gordailuak diren heinean, gure elikadura burujabetza berreskuratzeko ezinbestekoak direla uste dugu. Gaur egungo sistemak aldiz, ez du baserrien biziraupena bermatzen. Prezio irrigarrien truke, ustiategiak espezializazioa, areagotzera eta gehienetan desagerpenera bultzatzen dituen bitartean, munduko beste puntatik ekartzen ditu jaten ditugun elikagaiak. Janaria, oinarrizko eskubidea izatetik, merkantzia hutsa izatera pasa da azken hamarkadetan, eta osasuna, ingurumena, lan baldintza duinak eta bertako produktuen berezitasun eta freskotasuna bezalako balioak nekazaritza-enpresa multinazional handien interesengatik bortxatuak izan dira.

Elikadura burujabetzaren aldarrikapenaren alde mundu mailako mugimendua ere indartzen ari da eta Gipuzkoatik ere ari gara, nekazaritza eredu globalizatuari erantzun bat eman behar diogulako denon artean, irabazi ekonomikoen gainetik baitaude nekazarien eskubideak, herritarren eskubideak, herrien eskubideak.

AGROEKOLOGIA OINARRI

Honen aurrean, etorkizuna Agroekologian oinarritutako nekazaritza ereduaren eskutik datorrela argi daukagu; ingurumenarekiko begirunea duen ekoizpena, herritar- baserritarren arteko harremana konfiantzan oinarritutakoa, herritarrok egunero gure otorduetako jakiak nondik datozen eta nola eta zein balditzetan ekoizten diren jakitun izateko eskubidea berreskuratzeko. Eta hori guztia lortzeko, ezinbestekoa da jarrera aktiboa hartu eta sarean lan egitea, martxan dauden ekimenak sendotu eta ugaltzeko, ditugun beharrak asetzeko, ezaguerak konpartitzeko...

SAREAREN ANTOLAKETA

Hori dela eta Basherri Sarean urte hasieran sortu ziren lantaldeei bultzada bat ematen ari gara. Baserritarren lantaldetik formakuntza eta elkar aholkularitza sustatuz; Produktu Berrien lantaldetik, talde bakoitzaren otarra osatzeko tresnak sortuz; talde berriak sortzen lagunduz; eta batez ere, Basherri taldeak bereizten dituen filosofia landuz eta sakonduz. Guzti hori frikien lantaldeak eskura jartzen digun teknologiaren laguntzaz. Horretarako ere, astero biltzen den lantalde iraunkorrak, lantalde eta ekimen desberdinak koordinatu eta bultzatzen ditu. Ikusten den bezala lan asko dago egiteko, baina gogoak eta ilusioak ere handiak dira. Beraz, zenbat eta basherri kide gehiagok parte hartu Sarean hobeto! (parte hartzeko idatzi: basherriak@gmail.com

Gizarte osoa aterako da irabazten pixkanaka pixkanaka onura asko eskaintzeko ahalmena baitu sistema honek, eta benetan eraldatzailea izatea nahi badugu, gizarte osoak elikadura burujabetzaren balio erantsiak ezagutaraztea iritsi behar du. Astero gure otarra jasotzean, gure lurrak lantzean eredu berri bat eraikitzen ari gara, ditugun baliabideak modu iraunkorrago batean etorkizuna eraikitzen ari garela ezin dugu ahaztu.

On egin!